Memoria inklusiboa aldarrikatzen dugu, sufrimendu guztiak eta biktima guztiak aitortu eta errespetatuko dituena, zinez uste dugulako hori dela bidea elkarbizitza benetan demokratikoa eraikitzeko. Euskal Herrian bizikidetzari ekarpen eraikitzailea egiteko dago EH Bildu, betiere ardura politikotik eta errespetutik.
Guretzat, bizikidetza eta memoria ezin dira lehia politikorako esparru bihurtu, eta are gutxiago liskar antzuetarako. Aurten, gainera, Memoriaren Eguna efemeride eta testuinguru berezi batek ezaugarrituta dator: 50 urte igaro dira Franco hil zenetik, Juan Carlos Borboikoa koroatu zutenetik eta frankismoko azken fusilamenduak, Txiki eta Otaegirenak, besteak beste, gertatu zirenetik.
Lehendakariak ohartarazi zuen garai ilunak hel daitezkeela eta sektore faxistak eta autoritarioak daudela, atzera eraman nahi gaituztenak. Horregatik, uste dugu memoriak balio behar duela lezioak ateratzeko eta, faxismoaren aurrean, herri gisa bat egiteko.